XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OROTARIK. Ohart huni. - Gibelaldea biribil herrietarik urrundu zirelarik Alamanak, non-nahi zer nahi obuza, bomba, eta grenada utzi zuten. Bada, zikhinkeria horiek hunkitzea aski dute zapartatzeko, eta horren gatik haur zenbeit hil dire han eta hemen.

Herriko aintzindariek orori jakin arazten dute beraz begiak ongi idekitzeko: nihun deusik ikusten duenak, ez hunki, bainan bi jauziz doala lehen jandarmeriaraino. Jandarmek eginen dute behar dena. Ez da hor jostetarik, Eskualdunak!

Buerkel. - Eskualdun guti da naski Buerkel nor zen dakienik: mozkor tzar bat, Alzaziano gaichoeri zenbeit urthe hautan ederrik jasanarazi duena! Alamana zen, erran gabe doa. Buerkeli konduen galdetzeko, etsaiek lekhuak hustu arte zaudelarik segur Alzazianoak, hil da buruzagi bihotzgabea, zenbeit egun labur eri egonik. Ez da hilik jujatu behar: ez dugu jujatuko. Hau erranen bakharrik: Jainkoa luzakor bada, ez dela ahanzkor...

Pabeko inguruetan. - Badakizue zer kausitu duten zilho handi batean Pabeko inguruetan? Hiruetan hogoi gorphutz, Alamanek han ezarriak! Eta ikharagarri dena, zenbeit bederen ba omen ziren bizirik ehortziak! Hemen gaindi ere baitziren ahoa betheka erraiten zutenak Alemanek sekulan etzutela behar ez den zerbeit egiten, hori behar dena othe zaiote? Guri ez...

Oradour. - Ikharagarria da Pabeko egintza, bainan ehunetan ikharagarriago Oradour deithu herrian Alamanek egin dutena! Herriko gizon guziak tiroka hil dituzte, eta haur eta emazte guziak elizan metatu eta erre! Orotarat zortzi ehun lagun. Zer arrazoinez? Bainan arrazoinik izan othe ditake bulharrean den aingeru ttipia hola erretzeko?

Vera-Cruz. - Metsikoko portu handi bat da Vera Cruz, handiena naski. Harasko da, bainan hemen egun aiphatu behar da halere. Eskualdun zenbeit baititake han bizi denik. Eta zertako aipha? Han, uholde lotsagarriak ukhan dituztelakotz ilhabete huntan. Hirian eta inguruetan badire bortz ehun itho. Berrehun milek ez dute gehiago atherberik. Gaicho hiria!

Gerlako hobendunak. - Nahi ditutzue lo trankil egiten eta behin eginen ez duten lau jauntto polliten izenak. Hitler, Himmler, Goebels, Goering. Tzarrak baino tzarrago, munduan hameka ameri nigar eginarazi dute. Bainan tezefa anglesak egun hautan erran daukunaz, gerla hau bururatu orduko, beharko dute juje garratz batzuen aintzinean agertu. Ederki. Hau haatik orok bitchi kausitzen dute, tezefa horrek nola ez duen orobat Mussolini aiphatu! Mussolini eta Hitler, Hitler eta Mussolini, batek bertzea iduri...

Ti kainon legetai? - Makedoniako eskualdean gerla handia egin zuten Eskualdun chahar batzuek badakite oraino zer erran nahi duten mintzaira grekazko hirur hitz bitchi hauk: ti kainon legetai? Zer berri den... han gaindi? Berri hau; lehenik Frantzian, gero Holandian, azkenik Eslavian bezala, airez dabiltzan tropak, erdaraz parachutistes, pausatu direla orobat Grezian. Emeki-emeki hegal guziak mozten ari diozkate hola Alamaneri. Ez da gehiago urrun joaiten ahal. Egia erran, den bezalakoak badu bere doia eginik: ordu da paga dezan...

Efifiak. - Zer izen pollita eman dioten berehala Eskualdunek, nunbeit norbeitek sasipekoak deitzen zituen gudulari gazte biphileri! Efifiak! Bada, Alamanian ere nahi omen lituzkete orai efifiak, Amerikanoen oldarra Berlinerat gabe hausteko. Himmler horri buruz ari da lanean. Bainan ez othe zautzue orori Alamana, pisuegi iduritzen egiazko eta behar bezalako efifiaren egiteko? Efifia, izena bera bezen arina eta zalhua da, egun hemen, bihar nunbeit, etzi debruetan barna joana, harrabotsik gabe, jauzika, irriz... eta ez da holako Alamanik!

Zerbitzari.